Koreako selekzioaren aurrean baino ez zuen amorerik eman kadete mailako Bera Bera taldeak, asteburu honetan ospatu den Granollers Cup 2012 txapelketan. Final zortzirenetan izan zen, gol batez eta luzapenean.
Verónica Valverdek zuzenduta, Bera Bera kadete taldeak zazpi partida jokatu ditu lau egunetan. Lehenengo fasean ‘gol average’ delakoak multzoko liderra izaten galerazi zion eta, ondorioz, final zortzirenetako txartel zuzena.
Ostegunean debuta egin zuten Norvegiako Pors taldearen aurka, 18-9 gaindituz. Ostiralean, bi partida, goizean 19-2 Corazonistas taldearen aurka eta arratsaldean Norvegiako Tinlund taldea indartsuaren aurrean 10-10 berdintzea lortu zuen, izan ere, finalera iritsi ziren norvegiarrak.
Larunbatean multzoko lidergoa zegoen jokoan. 13-9 gainditu zuten Fyllingen norvegiarra eta 18-4 La Salle Montcada. Ondorioz, Tinlund taldearekin berdindu zuten donostiarrek baina norvegiarrek gol gehiago sartu zituzten eta gol gutxiago jaso.
Horrela, final hamaseienetan gipuzkoarren arteko lehia bizi izan zen Granollersen. Bera Bera – La Salle Legazpi aurrez aurre. Donostiarrak 23-12 nagusitu ziren eta hiru ordu beranduago Koreako Selekzioa zain zuten. Partida zoragarria izan zen, berdinketak nagusi eta emozio handikoa, izan ere, luzapenean erabaki zen eta Koreako Selekzioak 17-16 irabazi zuen.
Oso esperientzi ona izan da. Bera Bera kadete taldeak multzoen fasean berdinketa lortu zuen txapelketako azpitxapeldunaren aurka eta luzapenean galdu zuen Koreako selekzioaren aurrean, Granollers Cup txapeldunarekin, maila desberdinetako 250 talde bildu dituen txapelketa zoragarria. Bera Bera kadete taldea goizeko 4,30etan esnatu da Donostiara itzultzeko. Zorionak eta bidai ona izan!