Bera Bera

Select your language

Zazpi denboraldi etxetik kanpo ibili ostean, Levanten, Itxakon eta Danimarkan Odense taldeetan esperientziak bizi ondoren, Eli Pinedo Bera Bera Eskubaloira itzuli zen pasan den abuztuan. Verónica Cuña, Matxalen Ziarsolo eta Bea Fernández taldekideekin batera partida guztiak jokatu ditu baina guztietan gola lortu duen jokalari bakarra izan da, hain zuzen.

Ezker hegal honen denboraldia bikaina izan da, are eta gehiago ia atsedenik ez duelako izan, Brasilgo Mundiala jokatu zuen abenduan –brontzezko domina lortuz- eta Serbian izango den Eurokopa jokatzeko txartela eskuratzeko Espainiako selekzioarekin hainbat partidatan egon behar izan du. Orain Londresen, lehenengo aldiz, Joku Olinpikoetan izango da.

Bera Bera Eskubaloiak 981 gol lortu ditu aurtengo denboraldian, Ligan 761. Eli Pinedo izan da golegile nagusiena, 148 gol sartu ditu guztira, Ligan 115, Europan 22 eta 13 Altean burutu zen Kopan. Ia %80ko portzentajea lortu du ligan, golen %60a kontraerasoak gauzatzen iritsi da, hegala ondo ustiatu duen Eli Pinedok defentsan ere oso maila altua eman du.

Pinedoren ondoan –gol batera- Bea Fernandez laterala agertu da. Ligan 114 gol sartu ditu kantabriarrak –Elik baino bat gutxiago-, Europan 17 eta Kopan 20. Datorren urtean Frantziako Fleury taldean Nely Carla Alberto donostiarraren taldekide izango dena, Ligan taldeko jaurtiketa gehiego egin dituena da, 200 baino gehiago.

Hirugarren golegile nagusiena Eider Rubio zentrala izan da. 107 gol sartu ditu, Ligan 97, Europan 12 eta Kopan 8. Donostiarrak 34 urte izan arren oso denboraldi bikaina burutu du, lunbalgiak jota Castro Urdialeseko partida galdu zuen bakarrik. %70eko portzentajea lortu du eta penaltietan, %80a, zazpi metrotatik, 35 gol sartuz.

Ligako golegile nagusien zerrendari erreperatuta, Bera Berako hiru jokalariak 16 eta 25 onenen artean daude, golak sartzeko ardura sakabanaturik dagoela antzeman.

Hegalak

Matxalen Ziarsolo eta Dara Carvalhok 76 aldiz zulatu dute arerioren atea ligan. Europan ere antzera ibili dira, 13 eta 12 gol eta Kopan, kapitainak 4 eta brasildarrak, 10. Dara Carvalhok 42 gol sartu ditu pibote lanetan eta 31, kontraerasoetan. Ziarsolok, berriz, 42 alditan gauzatu du bide azkarra eta hegaletik, 25 gol sartu ditu.

Beste muturretik, Melinda Bertak 70 gol lortu ditu -34 kontraerasoetan eta 26 hegaletik-, %75ko portzentajearekin. Hungariarrak 85 gol sartu ditu guztira, Kopan 4 eta Europan, 11. Liba Altunak, berriz, 42 sartu ditu ligan –erdia kontraerasoetan- zazpi Kopan eta 11 Europan.

Zentralak eta lateralak

Verónica Cuña zentralak 62 gol lortu ditu ligan -11, penaltiz- 5 Kopan eta 11 Europan. Eskuin laterala Anna Punkok 70 gol sartu ditu, 55 ligan, 11 Kopan eta 4 Europan –Lada Togliattiren aurka kanporaketan lesionaturik zegoen-.

Galera hori dela eta Cuña, Anita Campa eta Alba Menendez jokalariek minutu gehiago izan zituzten. Horrela, serbiarrak 23 gol sartu ditu Ligan, 2 Kopan eta 8 Europan. Lesio larria gaindituz, zarauztarra azaroan itzuli zen pistara Castro Urdialesen aurrean. Alba Menendezek minutuaz gain, 28 gol lortu ditu, Europan, zortzi.

Azkenik, Andoaingo zentrala Nagore Arizagak izan dituen aukerak aprobetxatu egin ditu. 13 gol sartu ditu, horietatik Europan, zazpi. Eta Antonella Menak ligan lortutako sei golekin, Bera Bera 761 goleko markara iritsi da, iaz baino 27 gol gehiago. Aitzitik, benetako aldea atzean etorri da, 147 gol gutxiago jasoz.

Babesle nagusia / Patrocinador oficial

Babesle instituzionalak / Patrocinadores institucionales

Babesle ofizialak / Patrocinadores oficiales

  •  

Babesleak / Patrocinadores

Laguntzaileak/Colaboradores