Zu bakarrik falta zara
Bihar betiko orduan eta lekuan, arratsaldeko 7etan, etxean, Bidebietan, alegia. Historikoa izan daiteke partidan Bera Berak Mar Sagunto hartuko du, hirugarren sailkatua eta Donostian donostiarrek birritan baino ez dute gainditu. Garaipenak Championseko ate ondoan kokatuko luke Bera Bera, donostiarrentzat balentria izugarria azpitxapeldunak ez baitira sekula izan.
Donostiarrek irabaziz gero zortzi puntura utziko dituzte valentziarrak, hau da, gaindiezinak izango lirateke emakumezkoen eskubaloi liga amaitzeko lau jardunaldi falta direnean. Gaur arratsaldean Bera Berak Lizarrerian izango ditu belarriak jarrita, izan ere, Itxakok BM Alcobendas mendean hartuz gero donostiarren helburua gertuago legoke.
“Hitzordu historikoa da 20 urte kosta zaigulako hona iristea eta garaipenak kluba beste maila batean kokatzen du” adierazi zuen asteartean prentsaurrekoan Reyes Carrerek. Partidaren inguruko guztia prest dago. Matxalen Ziarsolo kapitainaren hitzetan “ilusio handiz gaude, bigarren izateko gogokin eta, egia esan da, uste dugu bai taldeak bai klubak merezi dugula”.
Bidebietan sinistu
Bera Bera Eskubaloiak dei berezia egin nahi dio zaletuari Bidebietara hurbiltzeko taldea animatzera, Lada Togliattiren aurkako kanporaketan Gascan bezala ikuskizunaz gozatzeko eta proiektuaren partaide izateko. Datorren urtean Championseko ateak jokatzera daramatza garaipenak.
Matxalen Ziarsolok adierazi zuen bezala “eskubaloi zaleari eta gure ondoan egon direnei dei egiten diegu Bidebietara etortzera gu animatzera eta historikoa izan daitekeen partida disfrutatzera”.
Bidebietan asko sinesten du talde honek, porrota bakarra jaso du Itxakoren aurka. Eta taldeak konfidantza osoa du bere jokuan, izan ere, azkeneko 14 partidatatik 13 irabazi dituzte. Eider Rubiok minekin jarraitu arren, taldeak Mar Sagunto gainditzea espero du eta martxoan Champions postua berretsi. Nork esango zuen!