Eider Rubioren partaidetza, kolokan
Bera Bera Eskubaloia ahalik eta ondoen prestatzen ari da Mar Saguntoren aurkako partida, larunbatean Bidebietan arratsaldeko 7etan, lau jardunaldi falta direla bigarren postua berretsi dezakeen norgehiagoka, hain zuzen.
Atzo entrenaldi fisikoa burutu zuten goizean, arratsaldean Donibaneko mutilen aurka lagunartekoa jokatu zuten. Gaur internazionalak bueltatu dira taldera, arerioaren bideoak ikusi dituzte eta entrenaldi saioa burutu. Bihar Bidebieta kiroldegia itxita egongo da greba orokorra dela kausa eta, ostiralean, azken saioa Mar Sagunto hartu aurretik, hirugarren sailkatua donostiarrek baino sei puntu gutxiago dituelarik.
Reyes Carrerek aipatutako “hitzordu historiko” honen aurrean, Eider Rubio zentrala duda da. Donostiarrak etxean gelditu behar izan zuen Castro Urdialesen aurkako partida gerrialdeko mina zuela eta egun ez da guztiz osatu. Atzoko prentsaurrekoan Reyesek berak onartzen zuen Eider Rubioren partaidetza kokolan zegoela.
Saguntoren aurrean, bi garaipen baino ez
Valentziarrak oso arerio gogorra izan ohi da Bidebietan. Izan ere, Bera Berak bost aldiz baino ez dio irabazi, birritan Donostian eta hirutan Sagunton. Hori bai, garaipen gehienak azkeneko urtetan eman dira, besteak beste, iaz Bera Bera 29-26 nagusitu zen, 08-09 denboraldian Bidebietan 40-34 eta 28-30 Sagunton eta oraindik taldeak gogoan du aurtengo denboraldian lehenengo itzulian eman zen garaipena (21-25).