Bera Bera Eskubaloiak hitzordu garrantzitsua du larunbatean, martxoaren 31n, Bidebietan arratsaldeko 7etan. Donostiako kiroldegiak goi mailako eskubaloiaz gozatuko du. Bera Berak lehenengo aukeran irabazi nahi du erronka. Tenisean egongo bagina match ball esango genuke, hau da, set, partida eta txapelketa jokoan du, kasu honetan, Bera Berak Mar Sagunto gaindituz gero valentziarrak baztertuko lituzkete Championsetik.
Era berean, BM Alcobendasek Lizarrerian (larunbatean, arratsaldeko 6etan) eskubaloi liga honetan partida guztiaren jabe egin den Itxakoren aurka galtzen badu, donostiarren abantaila zortzi puntukoa izango litzateke lau partida falta direla, hau da, matematikak baino ez dute ospakizuna oztopatuko.
Iragarpen hauekin, larunbateko partida erabakiorra izan daiteke, donostiarrek poltsikoetan beste aukerak izan arren, hau da, okerrenean jarrita, valentziarrak eta madrildarrak lau puntura jarriko balira, Bera Berak ‘gol average’ delakoa babestuz gero –Sagunton 21-25 irabazi zuen eta Alcobendasen apirilaren 21ean jokatuko du (36-25 Donostian)- Bidebietan Rocasa eta Ucam Murcia gainditzearekin nahikoa izango luke, arerioek puntu guztien jabe eginez gero, jakina.
Sagunto baztertu
Horregatik, Bera Berak Mar Sagunto hartuko du aurreneko match ball aprobetxatzeko kemenarekin, arerioa aukerarik gabe utziko luke garaipenak. Taldeak Bidebietan duen konfidantza lagungarria izango da eta, era berean, lasaitasunez arituko da sailkapenean duen aldea beste partidatan kudeatzekoa aukera izango duelako.
2012. urte hasieran bigarren postuan kokatu zenetik, Bera Berak partida bakarra galdu du –Itxakoren aurka gol batez Bidebietan- eta egoera zailak kudeatzen jakin izan du, besteak beste, Eldaren aurka etxean, Alacanten eta, gertuena, Castro Urdialesen azken norgehiagokan.
Gipuzkoarrek hamaika astez jarraian Champions postu horretan diraute, Matxalen Ziarsolo kapitainak “taldeak merezi duela” adierzi zuen. Zentzu honetan, erzker hegalak “eskubaloiaren eta Bera Beraren zaletua gonbidatzen zuen larunbatean etortzera partida historikoa izan daitekeelako”.