Andoaingo zentrala Nagore Arizaga taldeko jokalari gazteena da -20 urte beteko ditu ekainean- eta atezain kanariar Yamiley Rodríguez aurreneko denboraldia betetzen ari da Bera Bera Eskubaloian. Porriñotik irria ekarri dute, minutu asko igaro zuten pistan, jokalari guztien helburu, alegia.
Bigarren postua lortzeko lehiak baliabide onenak erabiltzea darama, ondorioz, Yamiley eta Nagorek aukera gutxi izan dituzte orain arte. Entrenaldietan gogor aritzen dira biak jokalari gisa ibilbideak betetzen.
Yamiley Rodríguezen egoera ezberdina da atezeina delako.Eskubaloian ateak garrantzi handia dauka eta, horrez gain, Darly Zoqbi handia ordezkatu behar du. Era berean, erreferentzi onena du etxean, pisukideak baitira, “eskarmentu handia du eta asko laguntzen dit” onartu du.
Atezain kanariarra BM Gijonen jokatu zuen iaz, Reyes Carrerek deitu zuen Etxebarrin igoera fasea jokatzen ari zela. Hilabete hauetan, 24 urte beteko dituen Yamiley asko ikasten ari da eta entrenaldietan asko gozatzen du “taldekideei esker”. Eta partida garrantzitsuetan ere bere maila erakutsi egin du, Mar Alicante eta BM Alcobendasen aurka, esate baterako. Horrez gain, EHF Cupen debuta egin du eta penalti bat gelditu zion Lada Togliattiko Bliznova jokalariari Gaskan.
Kukullagaren aurka partida erdia jokatu zuen eta eserlekuan zain egon ostean, Reyes Carrerek ardura eman zion Porriñon. Eta kanariarrak erantzun ona eman zuen, entrenatzaileen konfidantza berretsi zuen eta partida osoa jokatu zuen.
Arizagak, bi gol
Nagorek, berriz, kanpoaldeko meniskoa hautsi zuen eta abenduaren 7an Gipuzkoa poliklinikan operatu zuten. Hilabetea maila berreskuratzen eman ondoren, Nagore Arizagak Murtzian urtarrilaren 21ean lehenengo gola sartu zuen aurtengo denboraldiann, Etxebarrin Kukullagaren aurka minutuak izan zituen eta Porriñon gozatu zuen.
Reyes Carerrek Eider Rubiori atsedena eman nahi izan zion eta Nagore atera zuen. “Erasoan erdian jokatu nuen eta defentsan aurreratuta” azaldu du andoaindarrak bi aldiz kanporatua izan zena. Halere, “pozik” zegoen Nagore jokatutako minutuekin eta sartutako bi golekin.
Anna Punko
Beste gazte bat pozik atera zena Porriñotik Anna Punko izan zen, hilabete honetan 23 urte beteko dituena. Errusiarrak orkatilako kanpoaldeko ligamentua apurtu zuen etenaldian eta abenduaren 14an operatu zuten. Bidebietan Cleba Leonen aurka bueltatu ostean, Annak lau gol sartu zituen Galizan eta garrantzitsuena, orkatila ondo dauka eta konfidantza berreskuratzen ari da.