Arerio zuzenak gustoko ditu Bera Berak
Ligako 17 jardunaldi burutu ostean, Bera Bera Eskubaloiak leku aproposenean dago erronka historikoa lortze aldera, datoren urtean Europako Kopan lehiatzeko aukera emango lukeen bigarren postua eskuratzeko, alegia.
Reyes Carrere entrenatzaileak zuzentzen duen taldearen ibilbidea bikaina da. Udazkenean baino ez ditu hutsegiteak egin, Leonen berdinketa bat eta Elxen,ohi denez, porrot. Horrez gain, Itxakoren aurrean gol batez galdu ditu bi partidak, Lizarrerian nahiz Bidebietan. Horren ostean, garaipenak erdietsi ditu bata bestearen atzetik, taldea bigarren postuan 11. jardunaldian kokatu zituztenak eta, ondorioz, aurreneko aldiz Kopan zerrenda buru izango da ostiralean.
Ibilbide honetan azpimarragarrienak izan dira helburu bera duten taldeean aurrean lortutako garaipenak. Bidebietatik Mar Alicante eta BM Alcobendas pasatu dira eta, oztopoak oztopo, Bera Berak norgehiagokak irabazi zituen.
Sagunton lorturiko garaipena
Eta etxetik kanpo, donostiarrek Sagunton eta atzo Alacanten lortu dituzte bi puntuak, ezinbesteko garaipenak, batez ere lehenengoak ibilbidea finkatu baitzuen. Azaroaren 15ean izan zen, Mundiala eta Gabonak zirela eta etenaldira iritsi bezperan. Bera Berak hiru puntura zituen valentziarrak eta Dara Carvalho baja zen. Jokalariak bikain aritu ziren, batez ere Darly Zoqbi eta Bea Fernández eta garaipenak bigarren postura bidean jartzen zuen taldea, urtarrilaren 14ean lortu eta atzo Alacanten berretsi zuena.
Zazpi aste jarraian daramatza Bera Bera bigarren, bi puntuko aldea du Mar Saguntorekin, hiru BM Alconbendasekin eta bostna puntu Mar Alicante eta Elx taldeekin, azpitxapeldunak gelditzeko aukerak dituztenak , hain zuzen. Bidebietan elxtarrak eta valentziarrak hartuko ditu Bera Berak (Elx, martxoaren 10ean eta Mar Sagunto, martxoaren 31ean). Donostiarrek, berriz, Alcobendas bisitatuko dute apirila bukaeran, Kopa ospatu ostean. Hiru arerio hauek, gainera, partidarik galdu ez duen Itxakoren aurka jokatu behar dute, Bera Berak eta Mar Alicantek ez bezala.
Alacanten lorturiko garaipena ezinbestekoa izan da, izan ere, Mar Alicantek irabazi izan balu puntu bakar batera kokatuko litzateke. Orain, aldiz, bost puntura dago –gol average delakoarekin, bat gehiago-, hau da, donostiarrek hiru partidako tartea dute bederatzi norgehiagoka falta direnean, horietatik, Bidebietan, bost.