Bera Bera

Select your language

Larunbatean Bidebietan (19etan) 10. jardunaldiari dagokion Bera Bera Eskubaloia eta BM Alcobendasen arteko partidarekin emakumeen eskubaloi ligari berriro ekingo diote. Aldez aurretik komeni da taldeak sortu dituen datuei errepasoa egitea. Kontrakoa dirudi arren eta zenbakiak egonik, ez dugu loteria primitiboa osatuko.

Hirugarrenak

Bera Bera ABF ligan hirugarren postuan kokaturik dago une honetan, partidarik galdu ez duen Itxako eta Mar Sagunto atzetik, azken jardunaldian donostiarrak valentziarrak gainditu arren. Adina puntuekin BM Alcobendas dago, larunbateko arerioa, alegia. Mar Alicanterekin batera bigarren postua helburu duten taldeak dira laurak, Itxako hitz potoloa baita gaur egun. Horretarako, Bera Berak Bidebieta izango du alde, izan ere, madrildarrak eta valentziarrak Donostiatik pasatuko dira, nafarrak bezala.

Sei garaipen

Bera Bera Eskubaloiak etxean partida guztiak irabazi ditu (Kukullaga, Mar Alicante, Porriño eta Castro Urdiales), Leónen berdindu zuen, Gijónen eta Sagunton irabazi eta Itxako eta Elx taldeen aurka, galdu. Alcobendas jaso ondoren, lehenengo itzulia amaitu bitartean Kanarietako Rocasari bisita egingo dio, Elda Prestigio Bidebietan izango da urtarrilaren 18an eta San Sebastian egunean Murtziaruntz abiatuko dira larunbatean jokatzeko. Hilabetea amaitzeko Itxako jasoko du Donostian, ondorioz, bost jardunaldi jokatuko ditu urtarrilean.

262 gol

Bederatzi norgehiagoketan 262 aldiz zulatu du arerioen atea, bataz beste partidako 29 gol baino gehiago, lehiaketan gol gehien sartu dituen hirugarren taldea, Itxako eta Mar Sagunto atzetik, hain zuzen ere. Bigarren zatiak hobeak izan dituzte donostiarrek, 24 gol gehiago sartu baitituzte aurreneko 30 minutuetan baino. 43 golekin Mundialean brontzeko domina lortu zuen Eli Pinedo da taldeko golegile nagusiena, ostean, Bea Fernández (36), Eider Rubio (35) eta egun lesionaturik dagoen Anna Punko (33). Ondoren, agertzen dira Berta (27), Carvalho (25), Ziarsolo (24) eta Cuña (22).

Penaltiz, 21 gol

Guztira, 27 jaurti ditu, ondorioz, %77a baino gehiagoetan gola da. Eider Rubioren ardura da, nahiz eta Verónica Cuña eta Bea Fernández ere zazpi metroetara hurbiltzen diren. Oraindik gogoan dute Itxakoren aurka Eiderrek huts egindako penaltia, partida amaiatzeko bost segundu falta zirenean Bera Berak puntu bat urratzeko aukera ederra galdu zuelako. Errebotea Eiderren eskuetara iritsi zen baina denboraz kanpo sartu zuen gola donostiarrak.

Aitzitik, zazpi metroetatik ematen diren hamar jaurtiketatik Bera Berak hirutan galerazten du gola. Azpimarratzekoa da bederatzi partidatan hamaika penalti gehiago izan dituztela aurka.
 
190 gol jaso dituzte

Gol gutxien jaso duen ligako taldea da Bera Bera, bataz beste, 21,1 gol. Zentzu honetan Reyes Carrere entrenatzaileak eskatutakoa betetzen ari da, “beti irabaziko dugu 24 gol baino gutxiago jasoz gero”. Partzialetara begira, taldeak lau gol gehiago jaso ditu bigarren zatian lehenengoan baino. Egungo erronka da defentsan ematen diren errekuperazioak erasoan jaurtiketetan bihurtzea.

24 gol jasoz gero, ez da arazorik

Eta horrela gertatu da irabazi dituzten partidatan. Eta jaso dituztenean, sufritu dute. 24 gol baino gehiago jasota, Bera Berak Lizarrerian eta Elxen galdu eta Leonen berdindu (26) zuen. Partida horietan lehenengo nahiz bigarren zatian 14 gol edo gehiago jaso zituen.

Horrez gain, hiru aldiz iritsi da galtzen atsedenaldietara, batean berdinduta eta gainontzeko bostak irabazten. Azpimarratzekoa da bigarren zatiko partzial guztiak irabazi dituela Itxakoren aurkako partidan izan ezik (14-12). 14 gol horiek berriro ere…

Partida hauetako partzialei so eginez gero antzematen da Bera Berako jokalariek partidei lasai ekiten diete aurreneko bost minutuetan. Kukullagaren aurkako debutean izan ezik (4-1) gainontzeko markagailuak estu-estuak izan dira. Era berean, ikus daiteke azkeneko bost minutuetan ez dela markagailuan inolako iraulketarik eman.

43 kanporaketa

Batez beste, partidako ia bost alditan jokalari bat galdu du Bera Berak bi minututarako. Mingarriak izan ziren ikusitako bi txartel gorriak. Batetik, Eli Pinedok Leonen protestatzeagatik ikusi zuena, etxeko taldeari partida berdintzeko aukera eman ziona. Eta bestetik, Dara Carvalhok azken minutuan Elxen ikusi zuena, ondorioz Saguntoren aurkako partida jokatzen galerazi ziona brasildarrari egutegi xelebre honek kalte egin ziolarik. Internazionalak dira kanporaketa gehien jastzen dituzten taldekideak, bederatzina, hain zuzen.

15 jokalari

Izan dira Reyes Carrere entrenatzaileak erabili dituenak. Alba Menendezen errekuperazioa azpimarratzekoa da, izan ere, Castro Urdialesen aurka ikusi genuen berriro pistan. Bestetik, aipatzekoa da Olatz Ramon jubenila Leonen aurkako partidako deialdian sartu zela, Carvalho eta Mena Joku Panamerikarretan zirelako.

Egunko erronka da Anna Punkoren baja betetzea, EHF kopako kanporaketara iristeko oso zaila duena. Europako bi partida hauek gehituta Bera Bera Eskubaloiak zortzi norgehiagoka jokatuko ditu hilabete batean, denboraldi honetan jarritako helburuak berretsiko dutelakoan.

Babesle nagusia / Patrocinador oficial

Babesle instituzionalak / Patrocinadores institucionales

Babesle ofizialak / Patrocinadores oficiales

  •  

Babesleak / Patrocinadores

Laguntzaileak/Colaboradores