Gabonetako oporraldia pasatu ondoren, Bera Bera Eskubaloia gaur arratsaldean itzuliko da entrenaldietara larunbateko partida prestatzeko, Bidebietan BM Alconbendasen aurrean jokatuko baitu.
Lehiaketa honetan arlo garrantzitsuenetariko bat prestaketa fisikoa izan ohi da, egutegiari so eginez gero kontutan hartzekoa, izan ere ia bi hilabeteko etenaldi ostean hemendik aurrera atsedenik gabeko bost hilabeteri ekingo diotelako.
Iker Fernández da lan hori betetzen duena, Bera Bera Eskubaloiko ohorezko mailako taldeko prestatzaile gisa bigarren urtea betetzen ari dena, hain zuzen ere. Iraunpena, indarra eta ahalmena, abiadura eta prebentzioa bezalako arloak definitzen ditu denboraldi osoan zehar jokalariek jarduera ahalik eta ondoen gauzatze aldera.
Horretarako, metodologia zehatza jarraitzen du, hau da, hainbat parametro tarteko, banan-banan jokalarien profila osatuz. Hasieran, asimetriak antzematen saiatzen da, %15 eta %20a bitartean emanez gero “intentsitate gehiagorekin lantzen da gorputz adar ahulena oreka lortu arte”. Jokalariaren profilari esker “lesioak izateko aukerak zehazten dira eta prebentzioa areagotu”.
Jokalariek hainbat froga izaten dituzte, esate baterako, pesak erabiltzen dituzte norberaren ahalmena jakin ahal izateko “bakoitzak jakin dezan zer nolako pisuarekin lan egin behar duen, abiadura eta indarra orekatuz”. “Banan banan datuak jaso eta jokalari bakoitzak dituen beharrei erantzuten saiatzen gara” azaldu Iker Fernandezek.
Horretarako, hiru neurketa aurreikusten dira, aurredenboraldian, etenaldi aurretik eta bukaeran. Adierazi duen bezala “udako opor ostean bakoitzaren egoera aztertzen dugu eta hortik aurrera denboraldi osoa definitzen dugu, saioak zehaztu eta urte osoan zehar ariketak egin”.
Jokalarien maila fisikoarekin “orain arte oso pozik” dagoela dio Ikerrek. Bera Bera Eskubaloian daraman 16 hilabete hauetan “eboluzio nabarmena antzeman dugu, esate baterako, ahalmenean %20a igo dute, hau da, iaz 500 wattekoa zuten eta egun 700 wattekoa baino gehiagokoa da”.
Prestatzaile fisikoak behin eta berriz aipatzen du “moduan eragin, planifikazioa eta kontrola”. Bere helburua argia bezain zaila da, “maila fisiko hoberena lortzea, beti” egutegiak dituen oztopoak gaindituz. “Izan dugun etenaldian batez ere indarra eta ahalmena landu ditugu” dio. “Lehiaketan astean bi saio egiten ditugu eta oporretan maila fisikoa mantentzeko lantxo batzu bidali dugu” azaldu du.
Prebentzioa
Iker Fernandezek zaintzen duen beste arlo garrantzitsua prebentzioa da. “Eskubaloian lesio gehienak beheko gorputz adarrean ematen dira” azpimarratu du. “Horregatik –jarraitu du- test eta ariketa saila prestatu ditugu oinek jasan behar dituzten indarrei eusteko, esate baterako, eroriko batean, hau da, jokalariei erortzen eta galgatzen irakatsi behar diegu”.
Ariketa desberdinak egiten dituzte: hesi-saltoak, salto anitzak horizontalak nahiz bertikalak belaunaren oreka mantendu ahal izateko. “Banan banan lantzen dugu prebentzioa jokalariekin eta gorputz adar ahulena gogortzen saiatzen gara” adierazi du. Gainera, ariketa hauek abiadura eta bizkortasun zirkuitoekin bateratzen dira lasterketetan azkartasuna hobetze aldera.
Beste kirolarien prestaketa fisikoa kudeatu eta arlo honetan bloga idazten duen Iker “pozik” dago Bera Bera Eskubaloian hamasei hilabete hauetan egindako lanarekin, “batez ere, jokalariengan nabaritu aldea nabaritu dudalako eta ia lesiorik ez ditugulako”.