Bera Bera Eskubaloi taldeko pibotea “oso pozik” dago bere herrian ospatu den Mundialean gertatutakoarekin. “Sentsazio onenak dira, ezin duzue imaginatu Brasilen eman dugun urratsa, txapela irabazi dugula dirudi” azaldu du Dara Carvalhok.
Bera Berako jokalaria selekzioko kapitaina izan da “talde honen buru izatea oso atsegina izan da”. “Presioa handia sufritu dugu baina taldeak gauzak ondo egin ditu, gure artean zegoen batasunak partidak aurrera ateratzen lagundu digu” aitortu du Darak.
Izan ere, Brasil Mundialean partida bakarra galdu du, Espainaren aurka final-laurdanak, hain zuzen ere, Eli Pinedoren gola tarteko. “Bai, partida hori gogoan izan genuen baina ez hainbeste, xehetasunek erabaki zuten norgehiagoka eta Espainiak zorte ona izan zuen”. Pasa den ostegunean, Eli Pinedok aitortu zuen Darak esan ziola “taldekideak kritikatu zutela Bera Beran elkarrekin jokatzen dugulako”.
Sailkapen onena
Partida horren ostean, Brasileko kapitainak dio “azkar errekuperatu ginen eta bostgarren postua lortzea izan zen hurrengo erronka eta Brasilek Mundialean izan duen sailkapenik onena eskuratu genuen, burua tente eta herri osoa gure ondoan, hori da, azken finean, politena eta diruak ematen ez duena”.
Bestetik, bere buruarekin “gustora” ibili da Dara. “Mundialak gauza asko eman dizkit, nire lanarekin pozik nago, era orokorrean, baina batez ere Japon, Boli Kosta eta bosrgarren postua eman zigun Rusiaren aurkako partidan erasoan nahiz defentsan oso ondo aurkitu nintzen”.
“Errusiarrak ez dira gaindiezinak”
Otsailean Bera Bera Eskubaloiak Rusiako Lada Togliatti taldearen aurka jokatuko du EHF Kopako kanporaketa. “Errusiarrak onak dira baina ez gaindiezinak, partida ona egin dezakegu han eta etxean irabazi dezakegu, defentsa ona egin behar dugu, baloi gutxi galdu erasoan, defentsa ona dute eta kontraerasoan sendoak dira” azaldu du.
Azkenik, Dara Carvalhok aitortu du “Bera Berako taldekideekin egoteko gogoa dut, taldeak dituen erronkei ekiteko eta horrekin Londreseko Joku Olinpikoetara begira ahalik eta ondoen prestatzeko, Brasilgo eskubaloiarentzat oso garrantzitsua izango baita”. “Atsedena hartuta, urtarrilaren 2an Bidebietan izango naiz indar guztiekin” dio.