Eli eta Dara, gaur elkarren aurka Brasilen finalerdietara begira
Gaurko gaua (23tan, teledeporte) berezia izango da Brasilgo Mundialean jarraitzen duten Bera Bera Eskubaloi taldeko jokalarientzat. Gaur, elkarren aurka arituko dira gainera. Eli Pinedo, Espainiarekin eta Dara Carvalho Brasilekin final laurdenetan elkartuko dira finalerdiak helburu.
Antolatzailea denez, Brasilek publiko osoa alde izango du baina, era berean, partida irabazteko presio handiagoa nabarituko dute jokalariek. Dara Carvalho kapitainak hórrela adierazi zuen Mundiala hasi aurretik, “Brasilek lortu duen sailkapen hoberena zazpigarrena izan da, halere, etxean jokatzen dugu eta urrea nahi dugu”.
Bestalde, Espainia lasaitasunez arituko da lehenengo helburua lortu duelako, preolinpikoa jokatzeko txartela, alegia. Hainbat jokalari min hartuta izan arren, Jorge Dueñasen selekzioak ez dizkio gauzak errazak jarriko Brasili. Eta Eli Pinedo zutabe nagusi bat izango da. Bera Bera Eskubaloi taldeko hegalak minutu gehien jokatu duen jokalaria da, 3 ordu eta 47 minutu guztira, bataz beste, partidako ia 38 minutu. Horrez gain, golegile nagusiena da, %71eko portzentajearekin 25 gol sartu dituelarik –Montenegroren aurkako finalzortzirenetan, zazpi-.
Dara Carvalho partidako 28 minutu egon da pistan, zazpi gol sartu ditu eta bere ekarpen nagusiena defentsan eman du, besteak beste, sei baloi blokeaturik.
Mundiala hasi aurretik, Brasilek 28-24 irabazi zion Espainiari Sao Paolon jokaturiko lagunartekoa.
Bera Bera Eskubaloi taldeko facebookean bi jokalariak mezuak jarri dituzte, batez ere, elkarrekin jokatzea nahiago dutela esateko. Horrela, gauerdian jakingo dugu bietako nork lortzen duen finalerdierako txartela. @BalonmaBeraBera twitterrak horren berri emango du.
Argentinak Australia gainditu zuen
Mundialeko azken postua saihestu zuen Antonella Menaren Argentinak Australiari aise irabazita (30-12). Halere, oso esperientzia ona izan da Bera Bera Eskubaloi taldeko Menarentzat, izan ere, asko jokatu du piboteak, bataz beste, partidako 55,5 minutu eta %73ko portzentajearekin zortzi gol sartu ditu.