Atzo BM Castro Urdiales taldearen aurkako garaipena ostean eta Sagunton astearteko garrantzi handiko partidan burua jarri aurretik, Bera Bera Eskubaloia debuta egingo du aurten Europa Cup delakoan DHW Antwerpen talde belgiarraren aurrean. Kanporaketa Donostian jokatuko da, larunbatean J. A. Gasca kiroldegian (arratsaldeko 5,30etan) eta igandean Egia Kiroldegian (eguardiko 12etan).
Europako txapelketaren inguruan, Reyes Carrere entrenatzaileak eta Matxalen Ziarsolo kapitainak taldea “prest” ikusten dute “bi partida jarraian jokatzeko eta, ostean, asteartekoari heltzeko”. Reyes Carrerek dio “Europan aritzea guk irabazi dugu, ondorioz, partida gehiago jokatu behar ditugu, hori da, hain zuzen irrikaz nahi duguna”.
Bera Bera Eskubaloi taldeko entrenatzailea baikor da aurreneko kanporaketaren aurrean “ondo ikusten dut, joku onez gainditzea espero dut”. Halere, Reyesek “konfidantza eta umiltasuna” eskatu du “edozein partida irabazteko gauzak ondo egin behar direlako, partidan sartuta egon eta sendo jokatu”. DHW Antwerpen talde belgiarraren inguruan, Reyes Carrerek adierazi du “bostgarrenak dira ligan”, era berean, “lehenengo lerroa eta jokalari lituaniar batek bataz beste 12 gol sartzen ditu” azpimarratu du.
Bestetik, Bera Bera Eskubaloi taldeko kanpitain Matxalen Ziarsolok “jokalariak oso motibaturik gaude, ilusio handiz eta gogo askorekin lehiaketa honi heltzeko” aitortu du.
Hainbeste partida jarraian izateari ez dio garrantzi handirik ematen Matxalenek. “Jokatzea gustoko dugu eta Donostian kanporaketa izatea ere bai, Gascara jende gehiago etor daitekelako eta Egian, hitzarmena medio, eskubaloia biziki jarraitzen dutelako”. “Beti esango dugu Bidebieta dela gure etxea baina oso pozik gaude Europako lehiaketari helduko diogulako” gaineratu du.
Sagunto
Taldearen ibilbideaz galdetuta, Reyes Carrere entrenatzaileak aitortu du “oraindik badira gauza batzuk finkatu gabeak, 24 gol baino gehiago jasotzen baditugu moldatu beharreko zehetasunak agertzen dira eta aldeak daude kanpoan nahiz etxean aritzen dugunean”.
“Elxen aurreneko hamar minutuetan jarraian zazpi jaurtiketak huts egin genituen, halere, gauza guzti horiek gainditu behar ditugu” azaldu du. “Ahalmena dugu nahi duguna lortzeko” azpimarratu du Reyes Carrerek.
“Guretzako hurrengo norgehiagoka da garrantzitsuena, hau da, larunbatekoa” esan ondoren, Reyes Carrerek datorren asteartean Saguntoren aurkako partida –taldeak egun berean bidaiatuko du- “Ligaren etorkizunerako oso garrantzitsua izango da, dudarik gabe”. Izan ere, “Saguntori begiratu behar diogu, bigarrenak dira, oso talde titularra ona dute, eskarmentu handiko jokalariak” aipatu du.
Matxalen Ziarsolok, berriz, “goiko postuetako borrokan aritzeko partida garrantzitsu” gisa ikusten du erronka hori.