Bera Bera Eskubaloiak Elche-Mustang taldearen aurka norgehiagoka gogor bati ekingo dio gaur eta azkeneko urtetako gol batez jasotako porroten joera amaitu nahi du. Izan ere, donostiarrek 08-09 denboraldian 25-24 galdu zuten; 09-10 denboraldian, 28-27 izan zen markagailua eta iaz, 30-29. Ondorioz, partida zaila du gaur arratsaldean Bera Berak (Carrus kiroldegian, 7,30etan).
Elche-Mustang taldean Lara Gonzalez bueltatuko da hegalera eta denboraldiko bigarren garaipena eskuratzea dute helburu, Lizarrerian Itxakoren aurka galdu arren partida ona burutu ostean (33-25).
Bera Bera Eskubaloi taldeko entrenatzaile Reyes Carrerek jokalari guztiak ditu prest eta berriro ere Alba Menendez sartu du deialdian. Donostiarrek hamaika egunetan bost partida jokatuko dituzte eta defentsaz baliatuko dira Elche-Mustang taldeari aurre egiteko.
Taldeak atzo egin zuen bidaia autobusez eta gaur entrenatu da El Altet kiroldegian.