Madrileko INEFeko Areto Nagusian Bera Bera Eskubaloi taldeko jokalari Beatriz Fernándezek jasoko du eguardian bere kirol ibilbidea aitortzen duen brontzezko domina, Tati Garmendiak 2009an jaso zuen sari bera, alegia.
Cristina infantak buru duen ekitaldian Bea Fernandezek kirol ibilbidea saritzat ikusiko du gaztea izan arren. “Oso pozik nago horrelako sariak nire kirol ibilbidearen zati bat aitortzen duelako” adierazi du kantabriarrak.
Espainiako selekzioarekin ehun partida baino gehiago jokatu ditu, Marta Mangue, Macarena Aguilar, Begoña Fernández eta Carmen Martínek osatzen duten golegile nagusien taldean da gaur egun.
Halere, argi du Kirol Kontseilu Gorenak banatzen duen domina “ez zait bururaino igo, oraindik urte onak izango ditudalakoan”. “Oraindik badut hobetzeko betarik eta lan gogorra egin behar dut hobetzen joateko” azpimarratu du.
“Oso denboraldi ona egingo dugu”
Bera Bera Eskubaloian bigarren denboraldia betetzen ari da Bea. “Matxalen, Libe Altuna eta Eider ezagutzen nituen eta hona etortzeko urratsa eman nuen”azaltzen du hegalekoak. Aurreneko urtean “moldaketa” izan zen “onena”, izan ere, “Europako txartela lortu arren denboraldia amaiera ez zen gure gustokoa izan”.
Bere ustez ona da “iazko denboraldia presente izatea ligari oso hasiera ona eman diogulako liga, partidaz partida joango gara lehiaketa guztietan gauzak ondo egiteko motibazioarekin”.
Bea ziur dago “oso denboraldi ona egingo dugu”, halere dio “konfidantza gehiegirik ez dut nahi”. Mar Alicante taldearen aurkako larunbateko partidaren aurrean “motibazioa” eskatzen du “partida serioa egin behar dugu, teoriaz goian egoteko taldea delako”.
Kantabriarra atsekabetuta zegoen Jorge Dueñas selekzionatzailearen zerrendan ez zegoelako Europako txapelketarako txatela lortzeko bi partidari begira.