Bera Berak “kirol eta erronka soziala” aurkeztu dio gizarteari
Gaur arratsaldean Miramar Jauregian burutu den ekitaldian, Bera Bera Eskubaloiak Ohorezko Mailako taldea aurkeztu du, 2011-2012 denboraldiari aurre egingo diona “helburu nagusiekin” Amaia Ramirez presidentearen esanetan.
Bera Bera Eskubaloiak banan banan aurkeztu ditu lehenengo taldea osatzen duten jokalariak, iazko multzoan oinarritu den taldea eta fitxaketa berriekin: Darly Zoqbi, Yameley Rodríguez, Eli Pinedo eta Antonella Mena maila hobetzea asmo duena.
Bera Bera klubeko eskubaloi ataleko presidenteak “erronka, ilusioa eta konpromisoa” aipatu ditu. “Hasteko, taldeko azpiegitura sendotu eta Verónica Valverderen eskutik harrobia zaintzeko egindako apustua” azpimarratu du, ostean, kirol erronka “hiru konpetizioei helburu nagusiekin helduko diegulako” eta azkenik, gogoeta bat egin du Amaia Ramirezek “eskubaloiaren eta emakumeezkoen kirolaren erreferenteak garelakoan, gure konpromisoa da baloreak zabaltzea eta erronka soziala berrestea”.
Bestalde, Matxalen Ziarsolo kapintainak aitortu du “Europako txapelketak motibatzen gaitu” eta “denboraldi honetan sutsu lan egingo dugula” hitzeman du. Reyes Carrere entrenatzaileak eskubaloia, sistemak, zenbakiak, konpetizioa eta taldea izan ditu hizpide baloia ardatz hartuta. Azkenik, Bera Bera klubeko presidente Fernando Diez Mintegik emakumeezkoen kirolarako “oihartzun handiago” eskatu du eta eskertu die “instituzioei emandako laguntza”.
Zentzu honetan, Donostiako kirol patronatoko ordezkari Leire Landak; BAT Basque Team fundazioko gerente Ignacio Garcia; Donostiako Berdintasuneko zinegotzi Naiara Sampedro eta Kultura, Gazteria eta Kiroleko foru diputatu Ikerne Badiolak aitortu diote Bera Berari egiten duen lana eta berretsi dute taldeekiko konpromisoa.