Bera Bera Saguntoren aurka agurtuko da
Bera Bera Eskubaloi Taldeak bihar 20:00etan 10/11 denboraldiari agur esango dio Mar Saguntoren kantxan. Donostiarrek denboraldiko azken partidua jokatuko dute hirugarren sailkatuaren kontra. Konpromezu zaila izan arren, irabazten saiatuko dira garaipenaren zaporearekin amaitzeko, denboraldiarentzat amaiera bikaina litzatekeena.
Rene Marigil Udal Kiroldegian gertatzen dena gertatzen dela, donostiarrek ABF Liga 5º tokian amaituko dute, eta honenbestez EHF Kopa jokatuko dute hurrengo denboraldian. Saguntok bestalde, 3º bukatu lezake denboraldia irabazten badu. Horretarako ordea, era berean Eldak Las Palmasen galdu beharko luke jaitsi berria den Ro Casaren kontra.
Hau guztia alderatuta, Bera Berak nekeak ahaztu eta Liga behar bezala amaitzen saiatuko da, sentsazio onekin. Azken porrotek ez dute egindako lan ona ilundu behar, baina hobe garaipenaren zapore gozoarekin agur esatea.
Helburua lortzeko Reyes Karrerek Anna Punko eta Eider Rubioren bajak izango ditu, biek esgintze gogorrak baitituzte txorkatilean. Honenbestez, bi hutsune garrantzitsu izango ditu taldeak, eta lana gogorragoa izango da.
Karrere entrenatzaileak badaki ez dela lehia erraza izango, baina ez du dudarik taldearen erantzunaren gainean. “Oso kantxa zaila da. Sagunto talde bikaina da, eta argi dago bertan irabazteko eskubaloi ederra jokatu behar dugula. Baina gure betebeharra bertan irabazten saiatzea da. Gugatik. Gure denboraldiak merezi duelako”.
Nahiz eta azkeneko partiduak galdu, argi dauka “taldeak beti aurpegia eman duela. Beti lehiatu gara, beti garaipena lortzen saiatu gara, nigandik hasita azken jokalariraino. Gauza da, egoerak ez digula lagundu, eta zirkustantzia bereziak egon direla. Ezin izan dugu lortu, baina talde honek ez ditu besoak jaitsi”.
Biharko partiduaren ostean, taldeak lanean jarraituko du hilabete honetan zehar, denboraldian eginiko akatsak zuzendu, eta beste alderdi batzuk hobetzeko. Ekainetik aurrera merezitako oporrez gozatzeko aukera izango dute, eta lanera gutxi gora-behera abuztuaren 1ean itzuliko dira. Hori bai, denboraldia noiz hasten den kontuan hartuta, data hau aldatu egin daiteke.