Borrokarako prestatzen liderra jaso baino lehen
Bihar 19:00etan Bidebieta bere jantzi dotoreneekin jantziko da liderra jasotzeko, kopako txapelduna, eta Championsaren semifinalista den Itxako. Bera Berak derbia irabazteko helburuarekin intengo da kantxara, Europara ate handitik bueltatzea izango litzatekeena. Kirol hau maite duen ororentzat galdu ezin den hitzordua da biharkoa.
Pasa den larunbatean Elxen galdu ondoren, donostiarrek aukera berri bat dute Europara itzultzeko puntuak lortzeko. Alakanteko partiduak Azenaide lesionatuta utzi du, txorkatila bihurritu ondoren, eta bihar jokatzeko larri ibiliko da. Osterantzean, Reyes Karrere entrenatzaileak ez du aienerik nahi “ez dago triste egoteko denborarik. Pena bat izan zen gol bakar baten faltan gelditu ginelako, baina laister aztertu behar da galtzearen zergatia eta egindako akatsak konpondu”.
Bera Bera Bidebietaren magiara atxikitzen da, non partidu guztiak irabazi dituen salbuespen bakarrarekin. Arerioak ez du inporta behar, nahiz eta Itxako izan. Garaipena Donostian geratu behar da. Bertatik pasa diren oilartxo guztiek galdu dute: Eldak, Saguntok, Alicantek, Elchek... eta bihar Itxakok ere sufritu egingo du. Joaneko partiduan nafarrek asko sufritu zuten Bera Bera gogor bati irabazteko, eta bihar ez da desberdina izango. Donostiarrek Itxakoren nekeak aprobetxatzen saiatuko dira, larunbatean Gyori hungarierren aurka jokatu baitzuten, eta hurrengo larunbateko bueltako partidua aurrean dutelako, non Txapeldunen Ligako finala jokatzeko txartela lortu dezaketen.
Hala ere, Reyes Karrerek ez du nafarren despistea espero: “ezta gutxiago ere. Itxakok denboraldi osoan zehar erakutsi du ez dela inoiz despistatzen. Ia astero bizpahiru partidu egon da jokatzen sekulako efikaziarekin. Kopa irabazi dute, Liga poltsikoan dute, Championsean finalaurrean... erlaxatuak etorriko direla pentsatzea erokeria da”.
Itxako garaitzeko errezatagatik galdetuta, Karrerek argi dauka: “oso zaila izango da. Modu bakarra beraiek baino partidu hobea egitea da, horrek suposatzen duen zailtasunarekin. Oso partidu borobila behar dugu, oso erregularra fase guztietan”. Izan ere nafarrak “talderik goleatzaileena dira, eta gol gutxien jaso duena baita ere. Alternatiba ugari duen taldea da, ez dago ia diferentziarik titularren eta ordezkoen artean”.
Honenbestez, bihar laguntza guztiak ondo etorriko dira erronka zail honi aurre egiteko. Itxakori irabaztea sekulakoa litzateke, eta ilusio horri helduta zaleek ezin dute hutsik egin. Denak Bera Bera animatzera!