Elx-ek Bera Bera zikloia jasan behar du
Pasa den astean Eldan jokatu zenaren ondoren, bihar Bidebietan garrantzi handiko beste partidu bat jokatuko da, denboraldia markatzen duten horietako bat. Bera Berak Elx jasoko du, arerio sendoa, donostiarren porrotaz baliatuz sailkapeneko hirugarren postua kendu diena. Etxekoak eurena sentitzen duten posizioa berreskuratzen saiatuko dira bihar.
Astea nahiko luzea egin da, batez ere Bera Beraren jokalariak pasa den partiduko zapore txarra kentzeko irrikitan daudelako. Eldan ez zitzaizkien gauzak espero bezala atera, eta hura ahazteko erremediorik onena Elx-i irabaztea izango da. Garaipena lortzea oso garrantzitsua litzateke Itxakori bisita egin baino lehen, hurrengo asteazkenean.
Donostiarrek duela zazpi egun galdu zuten defentsa ona berreskuratu beharko dute, orain arteko ibilbide onaren klabeetako bat izan baita. Kontuan edukita gainera, ilizitarrek txapelketako defentsarik onenetakoa dutela, partidu gogor eta intentso bat izatea espero da. Beraiek kanpoko partiduetan sufritu egin dute, horregatik kantxa faktorea arma garrantzitsu bat izango da Bera Berak bere helburua lor dezan.