Akaba Bera Bera Sika Cupen ospetsuan arituko da
Bigarren urtez hartuko du parte Akaba Bera Berak Sika Cup-en (Bad Urach, Alemania), eta dagoeneko lortutako sasoia ikusteko aukera ezinhobea izango da, astebete geratzen denean denboraldiko lehenengo titulu ofiziala jokatzeko, Superkopa.
Kattalin Olasagasti eta Ane Herrero internazional juniorrak bueltan izanda, talde osoa abiatu da Bad Urachera. Bertan txapelketa bitxian hartuko du parte, gutxienez zazpi partida izango dituelako hiru egunetan, eta 20 minutuak izango direlako. Gainera, Europa mailan onenen artean dauden hainbat talde izango dira, Byasen norvegiarra, Zvezda errusiarra eta Austriako Hypo.
Ostiralean, lehiaketari hasiera emateko VFL Sindelfingen alemaniarra izango du aurrez aurre talde donostiarrak, eta jardunaldia osatzeko errusiako txapeldunaren kontra, Zvezda Zvenigorod. Larunbatean lan gogorra izango du taldeak, lau partida jokatuko duela. Goizez talde indartsuen kontra lehiatuko du, Montenegroko Buducnost T-Mobile eta Byasen HB. Arratsaldez Hypo Niederosterreich, eta Alemaniako Frisch Auf Goppingen izango dira Bera Berako arerioak.
Bukatzeko, igandean TSV Bayer 04 Leverkusen aurka amaituko dute ligako partidak. Lehen lau talde hoberen artean sailkatzekotan, berehala finalerdiak eta, agian, finala, jokatuko luke Akaba Bera Berak.
Astelehenean itzuliko da taldea Donostiara, eta aste luzea izango du, larunbatean Superkopa Bidebietan, Itxakoren kontra, izateaz gain, asteazkenean Castro Urdialesen kontra jokatuko dute. Eta kirol arloaz gain, sponsor berri bat aurkeztuko dute, eta Akabaren eskuz, taldearen aurkezpen ofiziala izango du.