Ligako podioaren bila abiatu da Akaba Bera Bera Eldara
Eldara (Alacant) heldu da Akaba Bera Bera bihar (18:30etan) Prosolia Gaviota Elda, ligako txapelduna, taldearen kontra jokatzeko. Orain bigarrenak dira Eldakoak, eta donostiarrei (bostgarrenak) bi puntu besterik ez dizkiete ateratzen.
Hurrengo lau jardunaldietan benetan partida garrantzitsuak izango dira Bera Berak izango dituenak, eta ziuraski argituko dituzte zeintzuk izango diren denboraldiko helburuak, momentu honetan bigarren postuko hurbil bait dira, eta txapeldunen ligan jokatzeko saria ematen du postu horrek.
Hirugarren aldiz izango dira aurrez aurre bi taldeak denboraldi honetan, eta emaitzak erabat dezberdinak izan dira. Aurreko biak Donostian izan dira, eta lehenbizikoan, ligan, Diana Boxen taldeak merezimendu osoz irabazi egin zuen 23 eta 28, talde boteretsua dela azalduz. Baina, abenduan, ABF Kopako finalerdietan, Reyes Karreren taldeak hasieratik bukaera partidaren menpea izan zuen, eta 28 eta 19 irabazi egin zuen.
Liga honetan Eldak hirutan besterik ez du galdu, Itxako liderraren aurka, Parc Sagunt hirugarrenaren kontra, eta Gijonen, espero ez zuten porrota.
Bestalde, donostiarrek lau porrot izan dute, Elda eta Itxakoren kontra etxean, eta León eta Elxen.
Honek azaltzen du bi taldeek antzeko maila badaukatela, baina donostiarrek ilusio osoz doazte Alacantera, lau partida segidan irabazi dutelako Elxen galdu ondoren, eta Eldakoek bi partida jarraian besterik ez dute irabazi.
Partida honetan parte hartzeko zalantza bakarra Patri Pinedo da, txorkatila minduta duelako. Dena den, espero du pistan egotea, eta kanpoan geratu den bakarra Kattalin Olasagasti izan da.
Donostiarren lana gogorra izan beharko da Eldako eraso boterea gelditzeko, bere lehenbiziko lerroan ligako bigarren golegilerik onena, Oana Soit, eta Susi Fraile jaurtitzaile gipuzkoarra egongo direlako. Gainera, Eldan badira beste bi jokalari Jorge Dueñasek konbokatu berriak, Mari Cruz Asensi eta Vanesa Amorós. Harrigarria da Dueñasek egindako zerrendan ez dagoela Akaba Bera Berako jokalaririk, nahiz eta taldeak denboraldi borobila burutzen ari da, eta azken urteotan beti donostiarren jokalariren bat izan da.
Partida zuzenduko duten epaileek Jordi Miret eta Francisco Javier Alonso kataluniarrak izango dira.