KIF VEJEN DANIMARKARRA AKABAREN AURKARIA EUROPAN
KIF Vejen taldea (Kolding, Danimarka) bostgarrena dago kokatua Danimarkako ligan, laugarrenetik bi puntura besterik ez. Final zortzirenetan Leipzig alemaniarra kanporatu zuen. Alemanian 31 eta 27 galdu bazuten ere, gero etxean 31 eta 24 irabazi zuten. Nahiz eta talde honetatik danimarkako selekzioarekin Bente Hǿjmark Andersen atezaina bakarrik izan, beste hainbat herrialdeko jokalari internazionalak osatzen dute KIF Vejen, besteak beste, Stefanie Melbeck eskubiko egaleko eta Cristine Lindeman atezain alemaniarrak. Baita Young Sook Huk koreako selekzioko pibotea eta lehenengo lerroko Jenny Gustafsson, suetziarekin internazionala dena. Baina norbait nabarmentzekotan lehenengo lerroko jaurtitzaile bikaina Jelena Eric serbiarra izango litzateke. Bera da Danimarkako txapelketako bigarren goleatzailea 116 golekin eta Leipzig taldeari kanporaketako joaneko partidan 12 gol sartzeko gai izan zen, beste taldekideek partida berean gehienez hiru gol sartu zutelarik. Beraz, esan dezakegu hogeitabederatzi urteko jokalari Serbiar honek, zalantza-izpirik gabe, taldeko izarra dela. Akaba Bera Berak gogor borrokatu beharko du kanporaketa gainditzeko. Gainera, oraingo honetan suertea ez du bere alde eduki eta bigarren partida kanpoan jokatu beharko du.
Dena den, Akaba Bera Berak final laurdenetako kanporaketa jokatzen duen bitartean, ligako txapelketa ezingo du ahaztu. Eta honetan ere, suertea albo batera geratu da. Kanporaketa jokatzen duen aldi berean ligako partidak ditu, biak kanpoan ere, hau da, etxean jokatu baino lehen Mar Alicantera egin beharko du bidaia astean zehar aurreratutako jardunaldian eta ondorengo jardunaldia Cementos La Union Ribarrojari aurre egin beharko dio Valentziar herrialdean. Beraz, hamabost eguneko epean kanporaketa eta ligako puntu garrantzitsuak jokoan edukiko ditu.