ASTRAKHAN 29-AKABA BERA BERA 21
Bidegabeko galtzea sufritu du gaur Akaba Bera Berak (29-21) Errusian, Astrakhan taldearen aurka. Emaitza honen ondorioz, Europako errekoparen lehiaketatik at gelditzen dira gipuzkuarrak tamalez. Dena dela, Tati Garmendiaren taldeak ezin izan du bere jokua nahi bezainbat gauzatu zelaian, epaileen erabakien erruz; arbitroak segundutik segundura jokua gelditu dute, Akabako jokalariak, gainera, merezigabeko hutsegite eta kanporaketekin etengabe zigortuz, partidu osoa jardun dutelarik. Pausoak, eraso faltak, eta kanporaketak agindu dituzte gipuzkuarren aurka, errusiarak gipuzkuar jokalariak bultzatu eta joko zikina egiten ibili diren bitartean. Adibide gisa, jakin ezazue Tati Garmendiak bigarren ataleko lehen minutuetarako bi kanporaketak gainean zituela jada. Hala eta guztiz ere, Akabak neurketa osoan zehar jokua sortzen eta golak sartzen saiatu da gogoz, hasiera batean 6:0eko defentsa sistema ateraz, gero, 5:1ekoa defendatuz, (igarotze lerroa hobe ixteko), eta defentsa nahasia ere zelairatu du denbora batez (Parshina eta Dykhman jokalariak modu eraginkorraz kontrolatzeko asmoz). Erasoan gora azkar eta sendo igo dituzte baloiak etengabe, baina saiakera guztiak hutsean gelditu dira mila bider, arbitroen erruz esan bezala. Gauzak honela, eta emaitza baieztatu ondoren, Ana Karrere eta Amaia Ramírez (teknikari eta zuzendaritza arloko kide eta arduradunak besteak beste), EHFko ordezkari den Andrés Karklasi zuzenean eta ingelesez argi utzi diote beraien ustea, hala nola, epaileen jokaera eta erabakiak diruz erosia zutela errusiarrak. Hau entzun ondoren, erantzunik ez bere partetik...Ez merezitako emaitza sufritu dute beraz gipuzkuarrak gaur Errusian, baina, taldeak aurrera egin behar du, eta hemendik aurrera, gogo eta itxaropen guztiak, Ligako txapelketan ezarriko dituzte seguru asko. Taldearen iritsiera Donostiara, bihar (astelehena) gauean izango da (Loiun 22,30 inguru izango dira).