Etorkizuna finkatzeko asteak
Bera Berak burutu duen hilabete t’erdi honetan, laugarren Superkopa bereganatzeaz gain Ligako lau jardunaldietan garaipenak poltsikoratu ditu, aurreneko etenaldira lidergoan iritsi delarik Valladolideko Aula Cultural taldearekin batera. Gaur arratsaldean donostiarrak entrenaldietara bueltatu dira Ligako sei partida eta Europako kanporaketari heltzeko, denboraldiko etorkizuna markatuko duten sei aste garrantzitsu izango dituzte aurrez aurre.
Etxean sendo ibili arren, 34 partida jarraian irabazi ditu Bera Berak (Bidebietan, 33) hiru aurkari indartsuak hartuko ditu hurrengo hilabetean. Aurrenekoa larunbatean, hilak 18, 18etan –ohi baino ordubete lehenago- Bidebietan Helvetia Alcobendas izango delarik. Hurrengoa, azaroak 1, eta Elche Mustang izango da aurrean eta Mecalia Atlético Guardés taldearen aurkako norgehiagoka astean zehar iritsiko da, ziur aski, azaroaren 12an, bi taldeek, euskaldunak nahiz galizarrak Europako kanporaketari heldu behar dietelako.
Izan ere, larunbat honetan Bera Berak ezagutuko du finalhamaseietan izango duen aurkaria, Italian (ostiralean eta larunbatean) bertako Jomi Salerno eta Isladiako IBV taldeek jokatu behar duten kanporaketaren irabazlea, alegia. Guardesek, aldiz, urriaren 25era arte itxaron beharko du aurkaria ezagutzeko, Norvegiako Byasen Trondheim edo Montenegroko WHC Danilovgrad hain zuzen. Bera Berak etxean irekiko du kanporaketa azaroaren 15ean eta itzulekoa azaroaren 22an izango da.
Ligan, Bidebietatik at, Bera Berak Valentzian, Valladolid eta Málagan jokatuko du. Gipuzkoarrek Canyamelar Valenciaren (urriaren 25ean) pista bisitatuko du, aurreneko liga irabazi zutenean 25-23 galdu zuen eta azken jardunaldian Rocasak puntu bat utzi duen. Azaroaren 8an Huerta del Rey kiroldegian Aula Cultural izango du aurrean, egun lidergoan dagoen taldea. Eta Eurokopako etenaldia aurretik Málagan arituko dira donostiarrak –astean zehar- igo berri den Clínicas Rincónen kontra.