Bera Bera Eskubaloiak inoiz ez ditu horrelako emaitzak lortu emakumeen eskubaloiari buruzko ohorezko mailako ligak lehenengo itzulia bete egin duenean. Aurreneko aldiz bigarren postuan kokatzea lortu du txapelketa erdialdean, hau da, datorren urtean Europako Txapeldunen ligan aritzeko aukera ematen duen lekua eta apirilaren 12tik 15era bitartean burutuko den Koparen zozketan Itxakorekin batera zerrendaburu izango da Bera Bera.
Donostiarrek baino zenbaki hobeak partidarik galdu ez duen Grupo Asfi Itxako taldeak bakarrik ditu. Hamahiru norgehiagokak irabazteaz gain –Lizarrerian Bera Beraren aurka (27-26) eta Alcobendasen (23-25) baino ez ditu puntuak arriskuan ikusi- golegile nagusiena da Itxako -424 gol (partidako 32,61) eta gol gutxien jaso duen taldea ere bai -269 (partidako 20,69), Bera Berak baino hiru gol gutxiago, hain zuzen ere. Donostiarrek bigarrenak dira 377 gol (partidako, 29)- atea zulatzeko lanean.
Aipatzekoa da golegile nagusien zerrendan hamargarren postuan agertzen dela Itxako nahiz Bera Berako aurreneko jokalaria, Barbosa hain zuen (63 golekin). 58 golekin, Eli Pinedo da Bidebietako golegile nagusiena.
Bera Berak daturik azpimarragarrienak defentsari esker lortu ditu. Atezainak dira gol gutxien jaso dituzten ligan partida batean –11 gol Porriñoren aurka, Bidebietan- eta etxetik kanpo ere bai, azkeneko partidan, alegia, Ucam Murtziak 13 gol baino ez zituen egin.
Ondorioz, Bera Berak nota altuarekin amaitu du denboraldi erdia. Donostiarrek Leonen eta Elxen egindako hutsegiteak gainditu dituzte Sagunton, Kanarietan eta Murtzian iaz galdu zuten pista zailetan irabazita. Bitartean, menderaezin jarraitzen dute Bidebietan.
Bigarren itzulia larunbatean Etxebarrin hasiko da (20etan) eta hiru egun beranduago Bera Berak Itxako hartuko du Bidebietan (urtarrilaren 31n, 7etan) Europako kanporaketari heldu aurretik.