AKABA BERA BERA 24 - S.D. ITXAKO 24
Akaba Bera-Berak eta Itxakok 24na berdindu zuten, Ohorezko Mailako bi euskal taldeen arteko derbian. Partida orekatua, borrokatua izan zen, eta nola Akabak hala Itxakok irabazteko aukerak eduki zituzten, baina ezin. Lehen itzulia amaitu ondoren, Itxakok laugarren postuan jarraituko du (19.puntu) eta Akabak bi atzerago (15 p.).
Ligan berdintsu ari dira. Bi taldeen plantilak ere antzekoak dira, eta horregatik, atzoko partida ere berdintasun horren isla izan zen. Bidebietako pabiloian bildu ziren zaleek (dezente, esan beharra dago) gozatu ederra hartu zuten. Izan ere, partidak ederra izateko osagai guztiak izan zituen: emozioa, tentsioa, jokalari onak... Lehen zatian bi taldeek markagailuan aurrea hartzea lortu zuten. Baina inor ere ez zegoen amore emateko prest. Itxakoko entrenatzaile Ambros Martin Akabako blokearen beldur zen. Tati, Patri Pinedo, Esme Lopez, Manu Fiedel... baina ondo eutsi zieten. Halere, atsedenaldian etxekoak aurretik (12-10).Bigarren zatian ere aurretik izan ziren ia une oro. Itxakok pixka bat gehiago sufritu zuen eta ezin izan zuen markagailuan aurrea hartu. Lehia amaitzeko zazpi minuturen faltan hirugatik galtzen ari zen. Bost minuturen faltan, berriz, bategatik. Halere, partida behin betiko berdindu zuen azken minutuan. Azken erasoa Akabarena izan zen, baina etekinik gabe. Tati donostiarra izan zen partidako goleatzaile nagusia. Zortzi egin zituen. Datorren astean bi taldeak etxean arituko dira. Itxako Elche-Mustangen aurka, eta Akabak Elda indartsuaren kontra.