AKABA BERA BERAK DENBORALDIKO HELBURUA BETE DU ETA EUROPAN LEHIATUKO DA DATORREN DENBORALDIAN.
Superligako bosgarren postuan amaitu du gure taldeak denboraldia Levante aldeko hiru taldeen –Sagunto, Elda eta Ribarroja– eta Itxakoren atzetik. 24 partida jokatu ostean, 16 irabazi eta 8 galdu ditu. 696 gol sartu eta 590 jaso ditu eta 05-06 denboraldian Europako EHF txapelketan izango da. Zailtasunak zailtasun denboraldiko helburu nagusia bete du taldeak. ABF kopan finaletik at geratu zen taldea gol bakar bategatik, Erregina Kopatik Itxakok kanporatu zuen penaltietan eta EHF txapelketan taldeak neurria eman zuen talde alemaniarrak kanporatu zuen arte. Kirol arloari dagokionez, beraz, gustura egoteko denboraldia bete dute Reyes Karreresen neskek.
Gauza negatiboen artean, zalantzarik gabe, denboraldian zehar izandako lesio ugariak eta larriak azpimarratu behar dira eta ongi zeuden jokalariek gain-esfortzu bat egin behar izan dute hori konpentsatzeko.
Etorkizunean baikorrak izateko eta ilusioa mantentzeko arrazoiak badira. Taldean diren eskarmentu handiko jokalariak mantenduaz eta jokalari gazteek espero daitekeen moduan erantzuten badute taldeak itxura polita du eta puntako postuetan jarraitzeko oinarriak jarriak daudela esan daiteke. Hala ere, hobetzeko eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko modu bakarra anbizioa eta sakrifizioa dira eta horrek izan behar du bidea egunen batean Levante aldeko taldeei aurrea hartzeko. Esan bezala, oinarriak jarriak daude baina proiektua eraikitzen jarraitu beharra dago.