Emaitzak
Gizonezkoen Euskal liga: Txingudi 32-28 AVK Bera Bera
Emakumezkoen Euskal liga: Uni. Bilbao 24-25 AVK Bera Bera
OBM: AVK Bera Bera 26-19 Ferrol
Txingudi 32-28 AVK Bera Bera
Gaurko partida oso aho-zapore txarrarekin uzten zaituen horietakoa da.
Aurkari zuzen baten aurka jokatzen genuen eta "irabazi beharreko" partida zen. Egun eguzkitsua, zelaia egoera onean baina kontuan hartzeko moduko haize zakarrarekin. Haizearen alde jokatu nahi genuen, baina zozketak ez digu mesede egin.
Zalantzekin, plakaje akatsekin eta epaileen akats deigarriekin hasi gara, eta partida oso aldapa gora jartzea eragin dute. Lehen ordu erdian, gure aldetik, baloia aurkariari oparituz eta 17-3ko partziala sartuz.
Baina talde hau errusiar mendi bat bezalakoa da, gure mutilek pundonorea eta kalitatea dute. Baloia edukitzen hasi dira, eta euren jokoa egiten, atsedenaldira 17-15 kontrako emaitzarekin iristeko, aurkaria denbora eskatzen ari zela, eta, kanpotik behintzat, partida bururaino eramango genuela sinetsita.
Baina ezer ez, errusiar mendira jaistea tokatzen zitzaion, eta epaileen beste akats baten ondoren sartutako kolpe eta entsegu batekin, partida aldapa gora izatera itzuli ginen, 27-15, eta markagailua iraultzera. Taldearen joko unerik onena iritsi da eta kalitate handiko hainbat faseren ondoren, gure mutilek partidari buelta eman diote 27-28ko markagailua jarriz, partidaren azken minutuetara iritsiz. Nerbio askok, zigor kolpea kontra eta ostikadaren ondoren, zutoinera ematen diote errebote batekin Txingudiri mesede eginez, beste entsegu bat hartzeko eta partida bukaerara 32-28ko porrotarekin iristeko.
Ondorioak honako hauek dira: talde ausarta daukagu, bere bertsiorik onena ematen duenean joko-maila handia garatzeko gai dena, baina batzuetan gainbehera egiten duena eta akats ugari egiten dituena. Gure gaitasunetan sendotasuna eta segurtasuna falta dira.
Aurkaria ere goraipatu behar dugu, aurreko denboraldiarekin alderatuta guk bezala hobera egin duen taldea.
Edozein modutan, gure taldeak jokatzen duenean, maila handian jokatzen du eta goi kopeteko errugbia egiten du.
Aupa Bera Bera.
Uni. Bilbao 24-25 AVK Bera Bera
ARGAZKIA: UNI BILBAO Fredymonfoto
2. jardunaldia izan beharko zena jokatu zuten pasaden larunbatean Bera Berako neskek Universitario Bilbao Rugby taldearen aurka. Ez zen partida erraza aurreikusten, Bilboko neskek La Unicaren aurka irabazi ondoren taulako lehenengo postua eskuratu baitzuten, baina donostiarrak indarrak berreskuratuta joan ziren Bizkaiako hiriburura (batzuk beste batzuk baino turismo gehiago eginaz, Galdakao ezagutzeko beharra sentitu baitzuten).
Partidua 16:30an hasi zen, Bilboko taldeak baloia Bera Beraren zelai zatian sartuta izanda lehenengo bost minutuetan zehar. Bera Berak baloia berreskuratuta, debutatu berri zuen Albaren urrezko eta ezkutuko oina ezagutuko zuten donostiarrek, baloia zelaiaren hiru laurden zeharkatzeko gai bihurtuz. Behin baloia bilbotarren zelaian sartuta, atzera eta aurrera pixka bat eginaz lehenengo entsegua iritsiko zen Lauraren eskutik (0-5, 9min).
Erditik aterata, berriro ere Bera Berakoek ostiko gogor batez UBRren 22ko marrara itzuli zuten baloia. Bertan emandako tirabiren ondoren Laurak airean jasotako baloia Yurrik entsegu bilakatu zuen (0-10, 11min).
Hirugarren erdiko saketik bilbotarrak luze mantendu ziren donostiarren zelaian, baina plakaketa artean atzeraka joan ziren. Ordea, talde urdinak eragindako zigor kolpeetatik touchera iritsi zen talde zuri-gorria, hauetan abantaila nabaria izango zutelarik partidu osoan zehar, eta bertatik abiatuta maul baten bidez entsegua lortu zuten (7-10, 16min).
Erdiko saketik abiatuta, Oihane pilareak ia anbulantzia bat behar izan zuen bere bolen tentsioa baretzeko, baina susto batean besterik ez zen geratu. Bitartean, melean buelta eta buelta orain ni flanker eta zu pilare, orain zu ezkerrean eta ni eskuinean aritu ziren donostiarrak, aurkaria eta taldekideak berak nahastu nahian. Meleetan argia zen Bera Beratarren gailentzea, touchetan gehiago sufritu ondoren.
Apur bat trakets, baina irmo ibili ziren bi taldeak, bai erabakietan eta baita plakaketa zein rucketan ere, eta jokoan zegoen baloi bakoitza borrokatu zuten. Gudu zelaian, Lauraren beste entsegu bat iritsi zen lehenengo zatia amaitzear zegoela zirudienean (7-17, 34min). Hain estuki lehiatutako partidu batean, tentsioaren eraginez lehenengo txartel horia ikusiko zuen Bera Berako kide den Anek, aurkaria plakatzera baino aurkariari pajarita bat jartzera zihoala zirudielarik. Lehenengo zatiko azken entsegua iritsiko zen ondoren bilbotarren eskutik, atsedenaldian 14-15eko markagailua utziaz.
Baloiak jokoa abiaraztean, baten batek bere haurtzaroko gimnasia erritmikoko erakustaldia egin zuen bigarren zati zirraragarri bati hasiera emanaz. Baten bat horrek ondoren ederki asko kubrituko zuen zelaiaren atzealdea, talde bilbotarraren mehatxuei gogor erantzunez. Bilbotarrak donostiarren zelaian sartuak zirauten, baina mele eta plakaketa artean pixkanaka atzeraka zihoazen. Hala ere, Bera Berakoen defentsa igarotzeko arrakala aurkitu zuten eta 55. minutuan partiduan lehen aldiz gailendu ziren 19-17 adierazten zuen markagailuan. Bera Berak ordea, burua hotz mantenduaz handik bost minutura beste entsegu batekin erantzun zuen, Yurri-Laura biko geldiezinaren erakustaldi eder batean (19-22 60min.).
Partiduak interesgarri jarraitzen zuen, bi taldeen tentsioa nabarmena baitzen. Bilbotarrak oraingoan donostiarren zelaian sartuago zeuden eta bigarren arrakalarekin topo egin zuten, berriro ere markagailuan gailenduz (24-22 73min.). Bera Berak ondorenera bazekien dena ala dena eman beharko zuela markagailua berera ekartzeko, eta azkenean zigor kolpe batetik makiletara botatzea erabaki zuten, berriro ere Albaren urrezko oinari etekina ateraz. Markagailua donostiarren alde zegoen, puntu bakarreko diferentziaz, baina donostiarrak euren zelaian sartuta mantendu zituzten bilbotarrek. Bera Berakoak baloia berreskuratu zutela zirudienean Laurak norgehiagokari emozio gehiago eman nahi izan zion, ostiko estilotsu batekin itzuliaz baloia UBRko neskei. Epaileak, entrenatzaile eta ikuslegoaren osasun kardiobaskularra beti lehentasuntzat hartuta, partiduari amaiera eman zion eta donostiarrek garaipena etxera ekarri ahal izan zuten, partidu ikusgarri baten ondoren.
AVK Bera Bera 26-19 Ferrol