Deskantso jardunaldiaren ondoren, iritsi zen berriro ere barnean daramagun piztia zelaieratzeko garaia. Urriko azken igandeak Orkli Ordiziaren aurkako partida interesgarriarekin agurtuko gintuen, udazkeneko egun hotz eta euritsu batean.
Miniestadiora iritsi bezain pronto bagenekien zeozer desberdina gertatzear zegoela, gure entrenatzaileak arbitroarekin zer esan entzun ez, baina gorputz-hizkuntza ulertzeko ahalegin berezirik egin behar ez baikenuen. Ordizia kide gutxirekin iritsi zen Goierri aldetik, gure taldeko jokalari batzuk etsai eta lagun nagusi dugun taldearekin jokatu beharko zuten.
Isunak gora isunak behera, baten bati behar baino gehiago itsatsi zitzaizkion maindireak, eta horri esker taldea aurretik inoiz ikusi ez duen superhabita lortzeko bidean da. Aldageletan sartu eta mezu benetan hunkigarriez josita aurkitu genuen geure burua: "Egiten duzuna zara" komunzulotik gertu aurkitzea benetan esanguratsua izan zen.
Aldatu, bendatu eta zelaira. Beroketa beti bezain azkar eta beti bezain intentsoa izan zen. Beste behin ere baloia jokoan jartzea guri egokitu zitzaigun, zortea izan genuen oraingoan gure nahia benetan hori baitzen. Monikak drop elegante baten bidez eman zion hasiera jokoari, eta aurkariaren zelai erdian sartu ginen denbora luzez.
Meléak irabazten, rucketan baloia berreskuratzen, taldea gogor zebilen, desorden batean ordena bilatu nahiean. Entsegua gertu genuen, Adrianak ia egin zuen bat, baina partzial alderantzikatu batek arbitroa ere nahastu eta jokaldia gelditu zuen. Gertuegi sumatzen genuen entsegua, baina oraindik ez zen gurean. Azkenean birritan ireki zuen bidea Oihanek, bere bidean inoiz oztoporik topatzen ez duen pilier gogorrak. Monikak makilean estanpatu zuen baloia, punteria ezinhobea baina puntuazio gabe utziaz transformazioa. Otsokumeak beraz 10-0 alde izango zuten markagailuarekin iritsi ginen atsedenera.
Bigarren zatian ekipoa gehiegizko konfiantzarekin iritsi zen zelaira, baina horrek ez zien ez Adriana, ez Maren eta ezta Monikari ere entsegurako bidea oztopatu. Gainera, oraingoan Monikak bi baloi transformatzea lortu zuen, taldeari 4 puntu gehigarri eskainiz. Amaiera aldera ordea, pare bat jokalari elkartrukatuz, gure aurrelarietan esperientzia gehiena dutenak kontrako taldean topatu genituen bat-batean. Abantaila hori probestuz, Ordiziaren bi entsegu jaso genituen kontran bata bestearen atzetik, horietako bat bote prontoz makil artetik transformatuz. Partida 29-12 amaitu zen etxekoen alde, eta zapore gazi-gozoa utzi zuen askoren gain, batzuentzat gozoagoa besteentzat gaziagoa.
Zinez goraipatzekoa partaide berrien lana, Gorane filibustera galanta toucheak lapurtzen, Laura azaleratzen ari den potentzia, Aloharen aurkaria KO uzteko gaitasuna, Eiderren zelaia alderik alde gurutzatzean aurkaria gainetik kentzeko gaitasun paregabea eta Iratxeren ezkutuko futbolari grina. Taldea forma ederra dabil!