Bera Bera

Select your language

Bederatzi otsokume eta Bera Bera taldeko teknikariak eguerdi aldera iritsi ziren Durangora, ekaitzetan murgiltzeko prest. Bertan, Ordiziako jokalari diren Lide, Maddi eta Antonia zituzten zain berriro ere, donostiarren koloreak sentitzeko prest.

Guztira; sei talde, bi arbitro eta aterpe bat.

Besterik ez zen behar Euskal Ligako seveneko bigarren jardunaldia luzeari hasiera emateko.

Etxekoak eta Eibarrek zekartzan bi taldeetariko bat lehian zebiltzan bitartean, Donostiako neskak beroketekin hasi ziren, baita kide berriekin jokaldi eta posizio ezberdinak probatzen ere.

Urduritasun apur bat nabari zen beroketa garaian,batzuentzat lehenengo seven partidua zelako, eta beste batzuk ordea, eskarmentu gehiago zuten arren, burua oraindik XVeko formatuan zutelako,antza.

Pronostikoen kontra, eguraldia lagun zutela, Bera Berako neskek zelaira gogotsu egin zuten salto eta Arabatik zetorren Gaztediren aurka 24-7 irabazi zuten. 

Hamabost minutuko partiduaren ostean, aterpean jarri ziren euren txanda egokitu zain, beste partiduak ikusten, adi-adi. Bigarren topaketaren emaitza ordea, ez zen espero bezain ona izan donostiarrentzat. Teknika, fisiko eta intentsitate bikaina erakutsi zuen Eibar "B"-ren aurka 7-24 galdu zuten eta.

Hala ere, emaitzak emaitz,gure neskek gogotsu babestu zuten euren zelai zatitxoa eta ordiziar gazteen freskotasun eta ausardia nabarmena izan zen. Baita kutsakorra ere. Jarrera hori, gainera, guztiz erabakigarria suertatu zen Bera Berako neskentzat, Uni Bilboren aurka bigarren garaipena lortzerako orduan.

Aspaldiko partez, aldaketak egiteko aukera izan zuten arren, itxaronaldi luzeak eta nekeak nabarmen eragin zien donostiarrei eta jardunaldia bi porrotekin itxi zuten. Eibar "A" eta durangarren aurka, hain zuzen.

Baina dutxa "azkar" baten ostean, hain gustuko duten hirugarren denbora izan zuten sei taldeetako jokalariek Durangoko errugbi tabernan, sentsazio gazi zein gozoak garagardoaren zaporearekin nahasteko asmoz, agian.

Laguntzaileak / Colaboradores

  • AVK Valvulas

  • Grupo Bultz

  • Goi Recursos Humanos

Laguntzaileak/Colaboradores