Bilborako bidea Anoetako obrak gurtzen hasi zuten neskek pasa den larunbatean, hondeatzaileak hormigoia bere menpe hartzen zuen moduan pinguino eta unibertsitarioei gailentzeko asmoarekin. Urrezko autopista ordainduta (urretan ordaindutako prezioa, kalitatea beste kontu bat da), El Fango zelaira galdu gabe iritsi ziren hiru autoak, baina zonaldean aparkatzeko komeriak beti bezain presente egon ziren. Kiroldegirako sarreran Ordiziako Antonia eta Ianire jokalariak zeuden zain, urrutiagotik etorri arren gureak baino puntualagoak izan zirenak.
Triangeluarraren lehenengo partidua Burgos eta Bilboren artean izan zen, ondoan zegoen futbol zelaia berotzeko erabili zutelarik neskek. Elkar ezagutu, touche "arraro" batzuekin probak egin eta, Txemak erakutsitako cheek to cheek teknikaz, plakaketa batzuekin lehenengoz lurra laztanduz.
Zelaira sartzeko unea Burgosek Bilbo irabazi ondoren iritsiko zen. Guztiz nekatu ez ziren Bilboko jokalariek gure neskekin jokatzeko prestutasuna aurkeztu zuten, bederatzi jokalarirekin gauza gutxi egitea baitzuten neskek beste Burgoseko hamabosten aurka. Bizkaitar eta gipuzkoarren artean gutxitan ikusten elkartasunarekin, burgostarren aurka partida zinez ederra egon zen ikusgai Rekalde auzoan, berdinketa batean amaitu zena.
Hurrengo partidan paperak aldatu eta Burgoseko taldeko jokalariak euren hirugarren partidua izango zena jokatzera batu ziren gure taldearekin. Jada egosita zeuden jokalariak ordea, eguzkia larunbatean behingoagatik laino tartetik atera baitzen, eta eguerdiko hiruetan El Fango doako sauna bilakatu baitzen. Azken partida hori galdu, kolperen bat edo beste eraman, eta dutxaren ondoren Obalisko tabernan bildu ginen hiru taldeak eguneko momenturik eskertuenerako: jateko garaia.