Larunbat honetan, Kote Olaizola (Anoeta) errugbiaz beteko da, AVK Gipuzkoa Sortzen-eko talde nagusien partidekin. Gizonezkoen Lehenengo Euskal Mailako taldea bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du, eta emakumezkoek, berriz, lidergoa daraman taldearen aurka. Hirugarren taldea Lasarten ariko da, eta beheko mailetan ere jardunaldi garrantzitsuak izango dira.
AVK Gipuzkoa Sortzen gizonezkoen taldeak denboraldi irregularra izan du orain arte, partida bikainak eta galdu ezin ziren neurketak tartekatuz. Proiektu bateratuaren lehen urtea denez, normala da egokitzapen prozesua behar izatea, baina taldeak kalitate handiko jokalariak ditu eta maila aproposa da lehen taldean aritzeko prestatzen joateko. Sailkapenean laugarren postuan daude 44 punturekin eta larunbatean bigarren dagoen Getxo Etorkizuna hartuko dute, bost puntura dagoena. Playoff postuetan kokatuta jarraitzeko aukera paregabea da. Partida larunbatean jokatuko da 16:00etatik aurrera eta zuzenean jarraitu ahal izango da esteka honetan: https://youtube.com/live/dEgUDOzZdUs?feature=share
AVK Gipuzkoa Sortzen emakumezkoen taldea berriro lehiaketara itzuliko da larunbatean 17:30ean. Urte zaila izaten ari da hainbat talderentzat, jokalarien faltagatik neurketa batzuk atzeratu egin behar izan direlako, baina gure kasuan ez da horrela izan. Hasieran justu samar ibili arren, taldearen giro ona dela eta jokalari berriak batu dira. Larunbatean Elorrio Urgozo liderrak izango dituzte aurrean, partidarik galdu gabe eta guztiak bonus ofentsiboarekin irabazi dituztenak. Gure neskek eta Ordiziakoek defentsan gogor lan egin beharko dute garaipena eskuratzeko, entrenamenduetan asko lan egin dutela badakigu, orain zelaian erakutsi behar da. Partida zuzenean jarraitu ahal izango da aurreko esteka berean.
Gesalaga Okelan Gipuzkoa Sortzen bigarren mailako taldea denboraldi ona egiten ari da. Larunbatean, 16:00etan, Atsobakarreko zelai berrian, Uni Bilbao hartuko dute, sailkapenean hirugarren dagoen taldea. Gure mutilak seigarren postuan daude eta garaipen batek beheko postuetatik aldendu eta azken txanpari lasaiago ekiteko aukera emango lieke.
AVK Bera Bera S16ko mutilek eta neskek lehenengo mailako bigarren itzulia hasiko dute. Espainiako txapelketarako sailkapena lortu ostean, Euskal Ligako titulua eskuratzeko borrokan jarraitu behar dute. Denboraldi honetan maila handia eta parekotasuna izaten ari da, edozeinek edozeini irabaz diezaioke eta. Larunbatean, 13:30ean, Lakuako zelai txikian, intentsitate osoz aritu beharko dute. Helburuak argi daude, baina garrantzitsuena errugbian hobetzea eta entrenamenduetan ikasitakoa partidan aplikatzea da.
Bultz Bera Bera S14ko mutilak eta neskak Hernaniren aurka jokatuko dute larunbatean 13:30ean Puioko zelaian. Txeko eta Copiren taldea hobekuntza nabarmena izaten ari da, baina defentsan hobetu behar dute eta erasoko jokoa zabaldu. Partidaren ostean Anoetara jaisteko aukera paregabea izango dute senior taldeen partidak ikusteko.
Igandean, Bultz Bera Bera Rugby Eskolak Gipuzkoako errugbi federazioaren jardunaldi berri bat izango du Arrasaten, 10:30etik aurrera. Arrasate, Hernani - Atlético San Sebastián eta Eibar taldeen aurka jokatuko dute, eta entrenamenduetan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ederra izango dute.