Asteburua partidez beteta gure taldeentzat. Seniorrek Euskal Ligako partidak jokatuko dituzte larunbatean Urgozo eta Iruñaren aurka, S18 taldeak Getxo hartuko du etxean, S16 Hernanira joango da, S14 taldeak Txingudi Baztan Orereta jasoko du Puion eta eskolak gogor entrenatuko du igandean.
AVK Gipuzkoa Sortzen Lehenengo Euskal Mailakoa Amorebietara joango da Urgozo Zornotzaren aurka jokatzeko larunbatean 16:00etatik aurrera Larrea kiroldegian. Etorren mutilek urte hasieran izan duten bolada txarra zuzentzeko beharra dute, azken sailkatuaren aurka jokatzeak konfiantza eta puntuak berreskuratzeko balio behar du.
Gesalaga Okelan Gipuzkoa Sortzen Bigarren Euskal Mailakoa Atsobakar zelai berrian jasoko du larunbatean 16:00etatik aurrera bigarren sailkatua den Iruña RC. Iñakiren mutilek bi porrot gogor jaso dituzte azken jardunaldietan, taldeak joko ona erakutsi duen arren, baina gure kirolak ez du barkatzen. Aukera polita da ezustekoa emateko eta sailkapeneko erdi-goiko eremuko taldeekin aldea murrizteko.
AVK Bera Bera Txingudi S18 taldeak larunbatean 12:30etatik aurrera jasoko du Playaundin Getxoko bigarren taldea. Lehen urtea duten jokalariak badira ere, ez dute gauzak erraz jarriko. Sailkapenean hirugarren, bi garaipen eta Logroñon saihestu zitekeen porrota. Taldea jardunaldiz jardunaldi hobetu da, egindako lanaren ondorioz. Getxori irabaztera joan behar da.
AVK Bera Bera S16 taldeko neska-mutilek larunbatean 10:30ean Landaren jokatuko dute Hernaniren aurka. Beti polita izaten da norgehiagoka hau, baina lokatzagatik zaila izango da jolastea. Sailkapeneko liderrek azken sailkatuaren aurka jokatuko dute, baina azken sailkatua engainagarria da, izan ere, jokalari askok S18rekin jokatzen dute eta jaisten direnean, erritmo handiagoa dute. Gainera, Lehen Mailako taldeen artean berdintasuna oso handia da aurten eta edonork irabaz dezake edozein partida. Konfiantza gutxi, baja asko eta lan handia aurretik.
Bultz Bera Bera S14 taldeko neska-mutilek larunbatean 13:30etik aurrera Puion jokatuko dute Gipuzkoako Ligako beste jardunaldi bat, Txingudi, Baztan eta Orereta taldearen aurka. Entrenatutako guztia praktikatzeko eta disfrutatzeko aukera izango dute. Ikusiko dugu nola doazen placajeak eta zelai zabaltzea.
Bultz Bera Bera Rugby Eskolako neska-mutilek igandean beste entrenamendu gogor batez gozatuko dute Puion 9:30etik aurrera. Gogoratu gure ateak beti zabalik daudela gure kirola probatzera etorri nahi duten guztientzat.