Bera Bera

Select your language

Etxeko lehenengo partidua izan genuen otxokumeok joan den igandean, Kote Olaizola miniestadioa aspaldiko partez zapalduz. Gure zelaiak beste bat zirudien, belarra moketa baten pareko zegoen, Miramarreko zelaiari inongo inbidiarik ez dio izango aurtentoan! Oinutsik jokatzekotan egon ginen, baina meleak gogorregiak izango ziren hatzazkalekin soilik lurrari ondo eutsi ahal izateko. Zarpak baditugu bai, baina hainbesterako ere...

Gogotsu etorri ziren arabarrak gipuzkoarroi egurra ematera igande goizeanz baina barruan daramagun piztia askatu genuen guk, eta ez zen partidu erraza izan inorentzako (arbitroarentzako akaso). Aurkarien zelaian hasi genuen partida, entsegu lerrotik oso gertu, esku artetik ihes egiten zigutelarik entsegatzeko aukerek, gasteiztarrek defentsarako eraikitako gotorlekua kostata gailenduko genuen.  

Iritsi zen azkenean partidako lehen entsegua Maiteren eskutik, 5-0 aurreratu ginelarik markagailuan. Gaztedik bueltan beste bat itzuliko zigun (5-7) eta partidak gori-gori jarraitu zuen aurrerantzean, baina donostiarrok ezin izan genituen berriro ere markagailuan harrapatu. 

Lehenengo zatia iletik tira egiteko moduan joan zen, eta baten batek amorruz metafora errealitate bilakatu zuen, jada trentzitarik ez dituen buru batean eginez deskarga. Txartel hori batekin 10 minutuz kaleratua izan zen gasteiztarra, bigarren denborako hasierara arte ez zelarik zelaira itzuliko. Gailentze numerikoa eta kolpea probestu genuen neskok, 22 lerroaren barnean baloia jokoan jarriz eta Naiarak entsegatuz. Une horretan gure entrenatzailea izan zen tximetatik tiraka hasiko zena ahalko balu...

Bigarren denboran jokoak bizirik zirauen, bi taldeok bina entsegu baikenituen poltsikoan, baina Gaztediko neskek hirugarren bat markatu zuten Bera Beratarron ahulguneak ikusita. Laugarrena ere egingo zuten, gure hirugarrena gertuegi ikusten genuenean ezustekoz hartu gintuelarik haietako batek botatako sprinta: atletismo pistak ikusita, zelaia alderik alde zeharkatu zuen 100 metroko karrera batean Maite, Enara eta Mareni hatz tartetik ihes eginez.

Partida amaitzear zegoelarik, Adrianak elefante baten antzera sartu nahi izan zuen gasteiztarren zelaian, eta baita lortu ere, baina Hrako bidean geldiarazi eta maul polit baina zail bat eratu zen makilen azpian. Sorpresa eta izua nahastuak zituen aurpegi batekik, zer gertatzen ari zen jakin gabe, lortu zuen nolabait baloia agerian uztea eta Leirek askatu ahal izatea. Azken honek, lurretik jeiki berri zen Clara ikuskatuta, oraindik ez dakigu nola baina baloia pasa zion, eta oraindik ere ez dakigu nola, baina Clarak obala jaso eta entsegua egitea lortu zuen. Arbitroak partidua amaitutzat eman zuen, 26-15 emaitza, eta gu pozaren pozez makarroiak jatera joan ginen.

Laguntzaileak / Colaboradores

  • AVK Valvulas

  • Grupo Bultz

  • Goi Recursos Humanos

Laguntzaileak/Colaboradores